Ekoizpena

larregainSagardotegiaEkoizpenari dagokionez, hasieratik ezarritako helburua betetzen ari gara: etxeko eta inguruko baserrietako sagarrarekin ekoitzitako sagardoa egitea, alegia. Batez beste, 45.000 litro ekoizten ditugu urtean. Sagardotegian, 140 lagunentzako lekua dugu. Txotx garaian —gure sagardotegia urtarriletik maiatzaren lehenengo igandera dago irekita—, afariak egunero ematen ditugu, eta bazkariak ostiraletik igandera. Igande gauean eta astelehenean itxi egiten dugu.

SAGARDOA

Sagardoa egiteko, lehenik eta behin, sagastiak ondo zaintzen ditugu urte guztian. Irail-urri aldean, sagarrak bildu, garbitu eta eskuz txarrak baztertzen ditugu banan-banan. Segidan, dolarera sartu eta egunean hiru-lau aldiz moztu eta mugitzen dira, patsa behin eta berriz zapalduz. Hortik zuku gozoa ateratzen da. Sagardoak gorputza har dezan, upeletan hiru-lau hilabete inguru uzten dugu, eta txotx garaian osatuz joaten da. Denboraldia amaitzean, botilatu eta urte osoan saltzen dugu.

ZENBAIT AHOLKU SAGARDOAREN GAINEAN

Ohiturei jarraituz, sagardoa besoa luzatuta zerbitzatzen da edalontzira, gutxi gorabehera 20-30 zentimetrotik, kolpeak txinparta sor dezan. Gutxi bete behar da edalontzia, trago bakar batean edaten baita: horrela, gehiago gozatzen da sagardoaren zaporeaz.

Sagardoa urteko edozein sasoitan edan daiteke, eta zerbitzatzeko 10-12 graduko tenperatura izatea aholkatzen dugu.